Lantokirako Garraio Plana

Donostiako Udalak proiektu bat abian jarriko du, CIVITAS-ARCHIMEDES programaren barruan, Igara, Belartza, 27. industrialdea, Miramon eta Zuatzu Enpresa Parkea industrialdeetako lantokietara joateko garraiorako planak aztertu, ezarri, monitorizatu eta ebaluatzeko lanak egin daitezen.

Europar Batasuneko CIVITAS-ARCHIMEDES programak hainbat jarduera biltzen ditu, tamaina ertaineko hiriguneetan garraiobide sostengagarrien erabilera gehitzearren eta bidaia zerbitzu seguruagoak ematearren.

1. ZERTAN DATZA PROIEKTUA?

Proiektuaren asmoa da azterketa osoa egitea, ikergai diren negozio eremuak mugikortasunari dagokionez zein egoeratan dauden gaur egun. Horrela, negozio eremu bakoitzaren diagnosia egin ahalko da, eremu horietan egunero izaten diren arazoak —auto ilaren, aparkalekuen, zerbitzu publikoen eta abarren arlokoak— murrizteko helburuz hainbat ekintza proposatzearren.

Horretarako, lehenik eta behin bertatik bertarako lana egingo da, mugikortasunaren berezko alderdietan eremu bakoitzak dituen arazoak sakon ezagutzearren: irispideak (bide sarea, oinezkoena eta txirrinduena), aparkalekuen eta garraio publikoaren eskaintza eta erabilera, eta abar.

Bertatik bertarako lan horren osagarri, bertatik bertara hainbat datu bilduko dira: garraio publikoko eta pribatuko bidaiari kopuruak, aparkalekuen inbentarioa, eta langile nahiz bisitariei eginiko inkestak.

Gainera, proiektuaren aldian, tutoretza batzordeak egingo dira jarduera eremu bakoitzean, tartean diren eragile guztien arteko komunikaziorako bide bat sortzearren. Horien helburua izango da enpresaburuak eta langileak mugikortasun ohiturak aldatu beharraz jabearaztea, kolektibitate jokabideak har ditzaten eta garraio eskarian kudeaketa arrazionaleko irizpide eraginkorrak har ditzaten.

Bertatik bertarako lanen kanpainan informazio guztia jaso eta gero, estatistika ustiaketa eta zenbakizko eta nolakotasunezko azterketa egingo dira. Horrela, arazoak eta emaitzak azalduta, jardute proposamenak taxutu ahalko dira.

Horretarako, hainbat informatika tresna erabiliko dira, hala nola aparkalekuen mikrosimulazioa: aparkalekuen gaian proposatutako soluzioen arrakasta ebaluatzeko balio du, soluzioak gauzatzen hasi ere egin baino lehenago.

Informazio guztia prozesatuta, enpresagune bakoitzeko mugikortasun sistemaren diagnosi txostena egingo da. Laneko mugikortasuneko planaren abiapuntua jasoko du, eta soluzio bakoitza ezartzeak ekarriko dituen hobekuntzak ebaluatzeko hasierako ingurune gisa balioko du.

Diagnosi dokumentuan zehaztutako emaitzak eta ondorioak abiapuntutzat hartuta, enpresagune bakoitzeko Lantokietara Joateko Garraiorako Planak (LJGP) egingo dira. LJGPen barruan, jardun proposamen batzuk aurkeztuko dira, industrialde eta enpresa parke bakoitzeko zehaztapenekin bat datozenak, eta aintzat hartuta aztergai diren eremuetan planeatutako atxikipen eta esku hartze guztiak.

Mugikortasun sistema hobetzeko proposamenek ondoriotzat ekarriko dituzte hainbat ekintza: garraio publikoa hobetzekoak, aparkatzea arautzekoak, edo langileen mugikortasunari buruzko enpresa politikak sustatzekoak (ibilgailua parteka dezaten bultzatzea, ibilgailu partikularra bakarka erabiltzea mugatzea, pizgarriak…).

Ekintza Planean jasotako proposamenetan, hainbat helburu eta helmuga zenbagarri izango dira, aintzat hartzen diren bideragarritasun irizpideen mota bakoitzean: gizartekoak, ekonomiakoak, ingurumenekoak, energiakoak, eta abar.
Azkenik, monitorizazio eta segimendu fasea gauzatuko da. Haren ebaluazioa urtebetez egingo da, ekintzak gauzatzen hasten direnetik. Bitarteko txostenak egingo dira sei hilabetera, eta lehenengo esku hartze bat pilotatzearen lehengo hiruhilekoan, hasieran proposatutako jardunak bestela bideratu behar diren ikusteko.

Proiektuak 20 hilabete iraungo du (beraz, 2012ko irailean bukatuko da). Proiektuaren iraunaldian, kontuan hartuko dira negozio arlo bakoitzeko oporraldiak, negozioan interferentziarik ez sortzearren.

MUGIKORTASUNAREN KUDEAKETA, HIRIKO LAN ARLOETAN

Irizpidetzat hartuta Donostiako udalerriko mugikortasunean, joan etorrien arrazoi nagusia lana da, % 36 joan etorriren arrazoia baita, ondorengo grafiko honetan ageri denez.

1. grafikoa: Donostiako egoiliarren joan etorrien arrazoia

Koporu horiek garbi erakusten digute udalerrian asko direla lanarengatik egiten diren joan etorriak. Horiek eta ikasketengatik egindako joan etorriak dira behartutako mugikortasuna deritzona, eta hirian sortzen diren kongestio arazoen iturri garrantzitsu bat dira. Herritarrek gai horretan dituzten ohiturei buruz gogoeta egitera behartzen gaituzte.

Dena dela, egoera hori ez da oso bestelakoa Europako hiri nagusietan ere. Garraioa da berotegi efektuko gas isurien iturri nagusia, eta lanarengatiko joan etorriak (in itinere eginikoak eta negoziokoak) Europako errepide bidezko garraioaren % 40 dira. Horregatik, Europar Batasuna lehentasuna ematen ari zaio halako ekintzei, hau da, Europako hirietan mugikortasun sostengagarriaren gabezia dakarten eragileak —hala nola negozio arloak— albait neurririk txikienera eramatea helburu duten ekintzei.

Donostia abiaburu eta helburu zuten lanarengatiko joan etorrietatik (udalerri barruko bidaiak), % 34,4 autoz egin dira, beste edozein garraiobidez —esaterako, oinez edo autobusez— baino askoz gehiago.

2. grafikoa: Euskal Autonomia Erkidegoko egoiliarrek udalerriaren barruan (Donostia abiaburu eta helburu izanik) lanarengatik eginiko joan etorrien banaketa, garraiobidearen arabera.

Hain datu esanguratsuen ebidentziari esker, identifikatu dugu mota horretako joan etorrietan autoaren erabilera askoz handiagoa dela hiriko joan etorri guztien artean baino (joan etorri guztien artean autoz eginikoak % 22,4 baitira, Eusko Jaurlaritzaren 2006ko datuek diotenez). Eta hori oztopo da Donostian mugikortasun sostengagarriagoa izatea lortzeko bidean.

Alor horretan ekin beharra dago. Hirian diren laneko guneetara jo behar dugu, autoz hainbeste joan etorri egitearen arrazoiak zein diren identifikatzearren, eta ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren aldetik eraginkorrago diren garraiobideetarantz (konparazio batera, garraio kolektibo publiko nahiz pribatua, oinez ibiltzea edo bizikleta) bideratzearren. Hortxe dute zeregina Lantokietara Joateko Garraiorako Planek.




Donostiako Udala: donostia.eus